
Azaroaren 13an, ostirala, Barakaldoko udaltzainak eta ertzaintza Makala gaztetxera "indarrez" sartu zirela jakinarazi du BGAk. Gaztetxea desalojo arriskuan dago, udalak ultimatuma eman zuenetik duela bi aste.
Barakaldoko gazte asanbladaren oharra:
Joan den ostiralean, azaroak 13, gaueko 23:15ean, 15 udaltzain Makala gaztetxera indarrez sartu ziren beste hainbeste zipaioren babespean. Jakina denez, Makala gaztetxearen desalojo arriskua izugarria da, Tontxu Rodriguez (PSOE) alkatea buru duen udal korporazioak 5 egunen buruan gaztetxea husteko ultimatuma egin ostean. Kolore desberdineko polizien jarrera harroputza izan zen uneoro, inoren aurka oldartu ez ziren arren. Gaztetxe barruan zeuden bi gazte identifikatu eta gaztetxea hustuarazi ondoren alde egin zuten, gaztetxearen aurkako beste inolako neurririk hartu gabe, hau da, gaztetxea itxi gabe.
Gazte Asanbladaren izenean, gazteon aurkako hamaikagarren eraso hau salatu nahi dugu. Izan ere, ostiralean Udaltzaingoak eta Espainiako Polizia Autonomikoak egindako harrokeria saioa indar erakustaldi faxista izan baitzen, botere ustelaren handiustearen ispilu nazkagarria. Horren harira, oso larritzat jotzen dugu Barakaldoko Udaltzaingoak errepresioaren lubakirik zikinenekin egindako lerrokatzea, tamalez, afera politikoetan modu oldarkorrean muturra sartzeko beste zenbait adibide lehendik ere utziak zizkigun arren.
Bukatzeko, dei egin nahi diegu Barakaldoko eta Euskal Herriko gazteei, bai gazteon aurka zuzenean, bai gure proiektuen aurkako (edozein izanda ere) erasoei dagokien neurrian erantzun, eta antolakuntza eta borrokaren bitartez erantzutera. Adi gerta litezkeen nobedade eta mobilizazioei!
MAKALA GAZTETXEA, GAZTEONA ETA GAZTEONTZAT!
DESALOJORIK EZ!
No hay comentarios:
Publicar un comentario