domingo, 24 de febrero de 2013

Lekeitioko herri asanbladak etxe bat okupatu du

Kale gorrian geratzear den herritar batek aterpea izan dezan Lekeitioko herritar talde batek udalarena den etxe bat okupatu du. Etxebizitza eskubidea guztiona dela aldarrikatu dute, eta gobernuak nahiz erakundeek herritarren eskubide sozialak eta ekonomikoak defendatu beharrean, merkatuaren morroi bihurtu direla gaitzetsi du herri asanbladak. Lekeitiotar asko bizitzen ari diren egoeraren larritasuna azpimarratu dute, eta egoera hau konpontzeko alternatiben beharra aipatu. Egoera aldatzen ez den bitartean, bide bakarra etxe hutsak betetzen jarraitzea dela adierazi dute herri asanbladako kideek.

Lekeitioko herri asanbladaren oharra:

Abiapuntua argia da: etxebizitza eskubidea da! Baina baita argia ere sistematikoki ukatua dela. Are gehiago egungo garai hauetan. Sistema kapitalista bete-beteko krisialdian sarturik, azken mende erdian ezagutu gabeko salbuespen egoera bizitzen ari gara, lurrikararen erdian herritarrak aurkitzen garelarik.

Merkatuak pisu osoa eta enpresari zein multinazional handiek kudeatzen duten ereduan, norbere irabazi asmoa bihurtu da sistemaren oinarri. Bitartean, oinarrizkotzat hartutako beharrizan zein eskubideak ere merkatu gai bilakatu dira.

Horien artean aterpe duina izateko eskubidea. Joan diren hamarkada luzeetan etxebizitzaren espekulazioa bihurtu da ekonomia eta ekoizpen sistemaren oinarrietako bat, enpresari, banketxe, eraikitzaile zein norbanakoak izan direlarik aberastu direnak.

Bitartean, botere ekonomiko eta politikoaren arteko lotura tarteko, erakundeak merkatuaren aurrean makurtu eta merkatuaren esanetan jarri dira, merkatua bera bihurtu delarik gure bizitzen jaun eta jabe. Gobernuan egon izan diren alderdiek herritarren eskubide sozial eta ekonomikoen defentsa egin beharrean, kontrako politikak gauzatu dituzte, aurrekontu eta zerbitzu publikoak murriztuz.

Herritarrak ordea, neurri gabeko hipoteka zein alokairu altuak ordaintzera kondenatuak izan gara urte luze guztiotan. Esaten ari garena ez da ezer berria, baizik eta iraganean Lekeition bertan ere mila eta bat bider salatutako zerbait. Orain ordea, kapitalismoak bizi duen krisi testuinguruan, egoera asko larritu da.

Iraganean herritar askok eta askok gorriak eta bi ikusiz igarotzen baldin bazuten hilabetea, egungo egoeran herritar askok ez dute hilabetearen azkenera heltzerik ere. Langabeziaren areagotzearekin batera, geroz eta familia gehiago dira diru sarrerarik ez dutenak. Lekeition bertan ere ikusten hasiak gara egunean ahora zer eraman ez duten familiak biderkatzen ari direla, baita hipoteka edo alokairua ezin ordaindurik kale gorrian edo beste irtenbide batzuk bilatu behar dituzten herritarrak ere.

Alternatiben beharra

Duela hilabete batzuk etxe kaleratze bati aurre egitea egokitu zitzaigun. Oraingoan aldiz alokairua ordaintzeko diru sarrerarik gabe geratu den herritar bati babesa ematea. Horren ondorioa izan da Udalarena den etxebizitza baten okupazioa.

Erakundeek politika publikoen bidez etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko duten borondatea hutsaren hurrena da, eta borondatea dagoen kasuetan gaitasun ekonomiko eta legalik ez dago.

Etxebizitza politika publiko eta sozialik ez den bitartean, gelditzen den bide bakarra etxe hutsak betetzea da. Hauxe baita herriko errealitatearen paradoxa nagusia: etxeen erdiak hutsik daudela. Hori dela eta, garai gogor hauetan beharrezkoa da herrian elkartasun sareak zabaltzea, eta egoera larri honetan, etxe bat baino gehiago duten herritarrei etxeok alokairu duin baten jartzea eskatzen diegu. Hauxe bera izango da datozen asteotan Herri Asanbladaren zeregina, hain zuzen ere problematika zein eskaera hau herriko auzo ezberdinetara zabaltzea.

Bitartean, gaurkoan okupazioarekin emandako urratsa zilegi ikusteaz gain, aurrera begirakoan landu beharreko bide bezala ikusten dugu. Herritarrak animatu eta babesten ditugu ukatutako eskubideak eskuratzeko bidean urratsak ematera, bai eraikin publiko zein pribatuak okupatuz.

Etxebizitzaren egoera eta kudeaketa

Gaurko egunean zehar 15 herritarrek etxebizitza txukundu eta datozen egunotan erabiltzeko atondu dugu. Hasiera batean, beste zerbait hobea aurkitu bitartean, aipatutako herritarrak erabiliko du.

Asanbladaren iritziz etorkizunean ere etxeak funtzio berbera beteko du. Hain zuzen ere etxetik kaleratuak izan diren herritarrek aldi baterako eta beste zerbait aurkitu bitartean baliabide gisa.

Etxean sartu eta berehala asanblada Udalarekin kontaktuan jarri da okupazioaren berri emateko, eta hurrengo egunotan ere, etxearen funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartu ahala, kontaktuan jarraitzeko asmoa daukagu.

Telefonoa eskuragarri

Azken astean zehar asanbladak herriko atarietan kartelak itsatsiz kontakturako telefonoa jarri du. Telefono honen helburu nagusia etxe kaleratze, desjabetze edo beste egoera larri baten daudenek kontaktatzeko modua izatea da. Era horretan asanbladatik egoera hori salatu eta herritarrari babesa emateko.

Hurrengo hau da telefono zenbakia: 626343053. Eta beste era batean kontaktatzeko:lekittokoherriasanbladia@gmail.com edo astelehenero 20:00etatik aurrera Nautikan egiten dugun bilerara etorriz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com