martes, 9 de abril de 2013

Bakioko Torrea Gaztetxearen aurkako etengabeko erasoak salatu dituzte

Gaztetxearen lau urteko ibilbidean eraso bat bestearen atzetik jasan dutela salatu dute Bakioko Torreako kideek. Zenbait herritarren hitz txarrak, eraikinaren jabearekin izandako tirabirak, jasandako lapurretak, salaketa… Hori guztia atzean utzi eta aurrera egiteko gogotsu zeudenean, azken erasoa jasan dute: kuadrilla batek barrutik txikitu du gaztetxea.

Bakioko Torrea Gaztetxeko kideen oharra:

Lau urte pasa dira gure ilusio eta gogo guztiekin Bakion gaztetxe bat amestetik egi bihurtzera pasa ginenetik. Lau urte, herriko gazteen lanarekin hutsik zegoen eraikin bati bizitza ematen hasi ginenetik. Lau urte, guztion lanarekin, Torrea Gaztetxean herriari zuzenduriko ekintzak antolatzeari ekin genionetik. Hasieran markaturiko helburu batzuk burutzea lortu dugu; akatsak ere izan ditugu, baina guztion ilusio eta indarrarekin Bakion gaztetxe bat izatea posible dela eta bai gazteok eta baita herriak ere, beharrezko duen toki bat dela erakustea lortu dugu.

Hasieratik izan ditugu aurrera jarraitzeko arazoak: lehendabizi, herritar batzuek Torrea Gaztetxearen inguruan zabaldutako hitzak, ondoren, bertan bizi izandako jendearekin izandako tirabirak eta jasandako lapurretak, eta gaztetxearen aurkako salaketa. Hori guztia notizia txarren bukaera zelakoan geundenean eta, hemendik aurrera ze bide jarraitu aztertzen geundenean, gaztetxeak erasoak jasan ditu.

Lehendabizi, San Jose eguna ospatzen zebiltzan zenbait artaburuk gaztetxera sartu eta ingurua zikindu zuten. Azken egunetan, aldiz, ume kuadrilla batek, beste zereginik ez zuenez, guztiz txikitu du gaztetxea. Kristal bat bera ere ez dute bere tokian utzi, ate guztiak txikitu dituzte eta extintore hautsez bete dituzte gela guztiak.

Torrea gaztetxea herriaren eta herriarentzako proiektua da. Batzuek ez dute begi onez ikusiko, eta beste batzuei min egingo die gaztetxeak aurrera egiteak, baina guk gurean jarraituko dugu. Lau urte ta gero, Torrea bizirik!








No hay comentarios:

Publicar un comentario

Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com