Ohar honen bidez, Algortako Gazte Asanbladak Kukutza gaztetxeko kideekin eta Errekaldeko auzokideekin gure elkartasun osoa adierazi nahi dugu. Asanblada honetako norbanako eta Txorimalo gaztetxea aurrera eramaten dugun herri eragile guztiek bat egiten dugu Errekaldeko gaztetxeak aurrera daraman proiektuarekin. Azken aste hauetan ikusi izan dugu nola gure gaurko agintariei, (kasu honetan Bilboko alkate den Iñaki Azkuna jauna eta Herrizaingo Saileko sailburu dugun Rodolfo Ares jaunari) berriro ere eskutik joan zaien. Kapitalaren mesedeetara hartutako erabakiak geroz eta itolarriagoa egiten du egoera. Gutxi batzuen aberastasuna, herri-kolektiboaren nahi eta beharren gainetik igaro da berriro ere. Jabetza pribatuaren aitzakiapean urteetan nekez eta irriz eraikitako gune autogestionatu, aske eta anitza literalki suntsitu dute.
Ez al dugu ba herri bat osatzen dugun norbanakook gure artean antolatu eta gure bizitza beste sistema eredu batean eraikitzeko eskubiderik?
Auzolanean sinisten dugulako, herri kulturan sinisten dugulako, sorkuntzaz, dantzaz eta irriz bizi nahi dugulako, adierazpen askatasunean sinisten dugulako, inposatua zaigun eredu patriarkal hau baztertzen dugulako, gazte eta aske izan nahi dugulako, ama-lurraren bortxaketa basatiaz nazkatuta gaudelako, honegatik denagatik ozen oihukatu nahi dugu:
Gora Kukutza!
Gora okupazio mugimendua!
Asko dira gure ametsak zapuztu nahi dituztenak, eta horien artean herriaren zaindari behar zuten polizia autonomikoa dugu.Ez dugu salatu gabe utzi nahi Errekaldeko kaleetan zehar bizi izan den egoera errepresiboa. Ertzaintzaren jarrera neurrigabe eta basatiaren testigu zuzenak izan baikara.
Algortako zenbait herritarrek jasandako botere nagusikerien testigantzak biltzen ari gara ulertezin eta jasanezin zaigun momentu honetan. Honela bortizkeria kasu hauek paper gainean gera daitezen eta Kukutza Gaztetxearen desalojo eta eraiste egunetan gertatutakoa errazago uler dadiln nahiez.
Norbaitek halako kasurik jasan izan badu, mesedez idatzi Kukutza gaztetxeko kideei kukutza[abildua]gmail.com edo zuzenean sastrakagaztetxea[abildua]hotmail.com eta guk helaraziko diegu Kukutzako kideei.
Algortako Gazte Asanblada
No hay comentarios:
Publicar un comentario