Torrea Gaztetxeak “bizitasuna” galdu duela eta, hainbat ekimen antolatzeari ekin diote Bakioko zenbait gaztek. Bien bitartean, espero gabeko notizia batekin egin dute topo: norbaitek salaketa jarri du gaztetxearen aurka. Gauzak horrela, Bakioko gazte guztiei zabaldu diete larunbatean egingo den asanblada irekian parte hartzeko deia.
Torrea Gaztetxeko kideen oharra:
“Taupadaka…Torrea bizirik!” lelopean, hainbat ekintza prestatzen hasi ginen; lehena, larunbat honetako batzar irekia, pinpon lehiaketa eta kontzertuak. Baina, azken berriak kontuan izanik, bertan behera utzi behar izan ditugu kontzertuak, batzarrari behar duen denbora eta garrantzia eman ahal izateko.
Bagenekien gure gaztetxearen bizitasuna kolokan zegoela eta iazko giroa berreskuratzeko lanetan genbiltzan, baina, aste honetan jakin dugunez, salaketa bat dago Torrearen aurka.
Bizitasun eza eta salaketaren gaiak kontuan izanik, abenduaren 15erako, larunbata, batzar irekia deitu dugu, eta Bakioko gazte guztiak bertaratzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela deritzogu. Bertan, eta denon artean, zalantzak argitu eta erabakiak hartuko ditugu.
ZATOZ ZUREA DENA ERAIKI ETA DEFENDATZERA!
ZATOZ TORREA GAZTETXERA!
No hay comentarios:
Publicar un comentario