Prentsa ohar honen bidez, lehen-lehenik, Euskadiko Futbol Federazioaren eta jokalarion arteko bileretan, zoritxarrez aurten ere akordiorik ez dugula lortu adierazi nahi dugu.
Euskadiko Futbol Federazioak ez du Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak ematen saiatzeko borondaterik. Dituen mugak aitzakiatzat harturik, aurrerapausorik ez emateko erabakia hartua du. Eta jarrera horrek, aurten ere gabonetako partidarik ez jokatzea ekar dezakeela jakin arren, ez dago mugitzeko prest, ez dago jokalariok eskatzen diogun ekimenik hartzeko prest.
Partidak, etekin ekonomikoa ateratzeko helburu soilarekin antolatu nahi ditu, hori da selekzioaren inguruan duten benetako kezka eta arrazoi nagusia. Urteroko aurrekontua borobiltzeko diru-iturri hori beharrezko du EFFk (selekzioaren partidetan ateratzen den dirua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako futbol taldeetara soilik bideratzen da. Nafarroara eta Iparraldeko klubetara ez da xoxik bidaltzen), eta horrexek bultzatzen du partida antolatzeko ahalegina egitera. Ez gure selekzioaren ofizialtasun ametsak. Jokalariok, aldiz, amets horrek elkartzen gaitu. Zale asko ere bai. Horretaz jakitun, federazioa prest dago itxurakeriak egiteko, horrek harmailak bete eta aurrekontuak borobiltzeko balio diolako, baina gehiagorik ez du nahi. Hitz ederrak bai, baina borondaterik ez zaio ageri.
Hala eta guztiz ere, ez gaude konfrontaziorako. Guk, euskal futbolariok, Euskal Herriko selekzio ofiziala lortzeko bidean ahalegin pixka bat eskatzen dugu, besterik ez; munduko beste edozein futbol jokalarik bezala zein selekziotan jokatu erabakitzeko eskubidea baino ez. Inongo koloretara behartua sentitu gabe, bakoitzak bere izatearekin bat joka dezan nahi dugu. Badakigu ez dela esku-eskura dugun ametsa, baina eskura, beti, norbere ahalegina dago. Eta, EFFri horixe eskatzen diogu, ahalegin horri zor, helburu horren bila bere eskueran dagoena egitea. Baina azken urteotan ohartu garenez EFFren helburua ez da gure bera, ez da zazpi euskal lurraldeetako jokalariok bilduko gintuzkeen selekzioaren ofizialtasuna lortzea, ez eta amets bide horretan urrastxo bat ematen saiatzea, ez du horretan sinesten eta ez dio norabide horretan gurdiari tirako. Are gehiago, konturatu gara, amets horretan, gure bide lagun baino, ia-ia oztopo dela, eta lehen ere badugu nahiko oztopo berriak sortzen hasi gabe.
Egoera honen aurrean, jokalariok, lehen-lehenik gure kezka, mina zabaldu nahi genuen, eta min horren muina zein den azaldu. Baina horren gainetik, gure jarrera aldaketaren berri ematera etorri gara. EFFren jokabidea etsigarria izanagatik ere aurrera egitea erabaki dugu. Ez dugu blokeo egoera hau betikotu nahi, ez gara inoiz asmo horretara erori, eta aurten, nahiz eta akordiorik lortu ez, futbolariok zelaira ateratzeko prest gaude. Euskal Herriko selekzioaren alde izerdia isurtzeak antolatzailearen interes tristeaz gaindiko zentzuak ere baditu, eta hori dela eta, jokatzeko prest gaude. Garbi geratu zaigu zein den EFFren jokabidea, hala ere zelaira aterako gara. Partida hau ziklo baten amaiera eta aro berri baten hasera izatea nahi dugulako. Aurten, jokatzeko prest gaude, baina aurrera begira beste bide batzuk landu beharko direla uste dugu. Lan asko dago egiteko, bide luzea ibiltzeko, eta garbi adierazi nahi dugu, zintzotasunez, jokalariok ez garela gai ikusten bide osoa bakarrik egiteko. Zentzu honetan, euskal jendarteari eta batez ere arlo honetan beren ekarpena egin dezaketenei, umiltasun osoz, laguntza eskatu nahi diegu, guztion artean ofizialtasunaren bidea egin dezagun.
Gure iritzia eta jarrera zintzoki eta argitasunez eman dugula ezagutzera uste dugu. Jokatzeko erabakia hartu dugu, asmo txarreko interpretazioak uxatzeko eta euskal jendarteak garbi izan dezan euskal futbolariok gure herriaren elastikoa janzteko eta gure koloreen alde futbol zelaian zein behar den leku guztietan defendatzeko prest gaudela. Guk, beste behin, gure herriaren elastikoarekin jokatzeko hautua egiten dugula ikustarazi nahi dugu. Eta, euskal futbolzaleen eta jendartearen gehiengoaren borondatearekin bat eginez, gabonetako futbol partida, dirua biltzeko ala antzezkizun bat egiteko ekitaldia baino, gure eskubidearen aldarrikapen eguna izatea nahi genuke.
Euskal jendarteari dei egiten diogu partida jokatuko den eguna, gure selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna bihurtzeko. Inposiziorik gabe, zein kolore defendatu ala animatu erabakitzeko eskubidea, oinarrizko eskubidea delako. Gainerako herriek bezala, guk ere munduari gure koloreak gehitu nahi dizkiogulako. Nazio bat garelako, sentitzen duguna izateko eta egiteko eskubidea oinarrizko eskubidea delako. Gure selekzioa nahi eta behar dugulako. Denon artean lortuko dugu!
2010-11-24
Euskal Herriko Futbolariak
No hay comentarios:
Publicar un comentario