miércoles, 1 de diciembre de 2010

ITZUBALTZETA GAZTETXEAREN ETORKIZUNA


.
.
Eusko Jaurlaritzaren menpeko Uraren Euskal Agentziak (URA) Gobela ibaian ekin dion proiekturako lurrak desjabetzeko, bi milioi euroko kreditua bideratzea onartu zuen Getxoko Udalbatzak, joan den ostiraleko osoko bilkura nahaspilatsuan. Manu Basanta Alternatiba alderdiko zinegotzi gazteak baino ez zuen aurka bozkatu, batez ere Itzubaltzeta gaztetxea kudeatzen duten neska-mutilei elkartasuna adierazteko. Izan ere, lanak egin nahi dituzten guneetako batean, Errekaganen, dago kokatuta Itzubaltzeta / Romoko zentro soziala. “Ez da aurreratu behar. Lehenengoz URA agentziak proiektuarekin jarraitzeko beharrekoak diren lur-sailak zeintzuk diren zehaztu beharko du", adierazi zuen Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. Hala ere, udal arduradunak argi utzi zuen "URAren eskuetan" utziko dituztela "horretarako beharrezkoak diren lur-sail guztiak, bai Errekaganen, bai Zubilletan, bai behar den edonon". Aipatu hitzak berretsi egin zituen Imanol Landa alkateak, galde-eske txandan, udaletxeraino gerturatutako Itzubaltzetako gazteei erantzunda. Agintari jelkidearen arabera, "auzotarren eta gure eskakizuna da Jaurlaritzak proiektuarekin aurrera jarraitzea". Landak berak horrela eskatuta, bihar, osteguna, batzartuko da Uholdetako Batzorde Berezia. Bileran, lanen aurreikuspenak eta horien epeak, desjabetze prozesua barne, azalduko ditu URAk, udal iturriek adierazi dutenez.

Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk iragarri zuen bederatzi milioi euroko aurrekontua bideratuko zuela 2011 urterako, Errekagane kaleko goi aldean, Zubilletan eta Salsidu eta Jolaseta artean "ordezkatze zein oztopoak kentzeko lan berriak" egiteko. Horri jarraituz, Getxoko Udalak “Uraren Euskal Agentziaren eskuetan" utziko ditu "horretarako beharrezkoak diren lur-sail guztiak, bai Errekaganen, bai Zubilletan, bai behar den edonon". "Gure auzokideen segurtasuna eta lasaitasuna lan horien menpe dago. Horregatik da hain beharrezkoa horietarako baliabideak ipintzea eta Getxon jasaten dugun uholde arriskuari behin betiko aurre egitea”, adierazi zuen Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak, proposamena udal batzarrean defendatzeko orduan.

PP pozik

PP ere ez zen atzean geratu. Eduardo Andrade zinegotzia alkatea zoriondu zuen, “azkenik gazteek okupatuta dituzten Errekaganeko pabilioiak desjabetuko direlako; talde honek 2005az geroztik eskatzen ari dena, alegia”. Hala ere, Arregik erantzun zionez, “ez da aurreratu behar". "Lehenengoz URAk proiektuarekin jarraitzeko beharrekoak diren lur-sailak zeintzuk diren zehaztu beharko du. Gure zeregina da Gobela ibaiko lanekin jarraitzeko dauden oztopoak kentzea”, zehaztu zuenez. PSE-EEk bere aldetik, "Gobelaren hobekuntza hidraulikoa garrantzitsua" dela nabarmendu nahi izan zuen. Luis Almansaren arabera, "auzokideen eta instituzioen arteko adostasunaren emaitza" da hori. Alternatibako Manu Basantak, ordea, aurka bozkatu zuen, “ez ibaia bideratzeko proiektuaren aurka, baizik eta modu sinbolikoan gaztetxea gestionatzen duten gazteei babesa agertzeko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com