domingo, 23 de octubre de 2011
ERANDIO BADAUKA GAZTETXEA !!!
.
Erandiok badauka gaztetxea!. Oihu hori txalo, irribarre eta zorioneko malkoen artean hartu dute gaur arratsaldean Erandioko Jose Luis Goioaga etorbideko kantoi batean bildutako 70 bat gaztek. Erandioko Gazte Asanbladak (EGA) deitutako kalejira musikatuan eta triki-okupa-poteoan aritutako neska-mutilek aurrez aurre izan dute herriko gaztetxe berria, urteotan utzita egon den lantegi zahar batean kokatu dutena. Ospatu egin dute, baina ez dira barrura sartu. Barruan, okupazioa gauzatu duten gazte anonimoak gelditu dira, balizko desalojo bati aurre egiteko asmoz. Halere, EGAk orain dela hilabete batzuk martxan jarritako "Erandion gaztetxea bai!" dinamikari eta uholde laranjari haien ekarpena egin eta lokala eskaini diete, eraikinean okupazio bandera laranja bat astinduz. Bere aldetik, EGAk gaztetxean parte hartzera eta "kale gris honetako txoko guztiak mila kolorez bustitzera" deitu ditu gazteak.
Aurkezpena egin eta ordu erdira, gaztetxearen inguruak miatzera joan dira udaltzainak eta ertzainak. Halere, ez omen dute gazte zentrorako sarbidea topatu eta kalean gelditu dira telefonoz berbetan, aginduak eskatu eta itxaroten. Mandaturik jaso ez dutela, eraikin kanpoan izan diren EGAko kideei argazkiak atera dizkiete. Ondoren, ertzainek alde egin dute eta udaltzainek laguntza-guardia bat utzi dute Goioagan. EGAk asanblada deitu du biharko, arratsaldeko 8etan. Dagoeneko udalerriko Eusko Alkartasunak zoriondu egin ditu.
Izan ere, gaurkoa ez da izan azken urteotan gazte erandioztarrek egindako lehenengo okupazio saiakera. 2009ko apirilaren 23an, gazteek Altzagako Tartanga kaleko 30. zenbakiko lokal publikoan, antzinako CIPean, jarritako gaztetxea herriari aurkeztekoak zirenean Udaltzaingoak desalojatu zituen.
Erandioko Gazte Asanbladaren oharra
Erandiok badauka gaztetxea!
Badaukagu gaztetxea!
Duela bost urte, gazte asanblada martxan jarri genuen, gazte alorrean zeuden gabeziei erantzuna emateko. Urte hauetan, gazteon artean zein herriko jendearekin sormena, herri kultura, elkartasuna, parte hartzea... eta abar sustatu ditugu, eta asko izan gara proiektura bildu garenak.
Gazteak gara: alaiak, errebeldeak, biziak, euskaldunak, aktiboak, sortzaileak gara. Eta elkarlanaren bitartez proiektu honek bizirik jarraituko du.
Azken garaian, gure ilusio eta ametsak herriari islatu nahi izan dizkiogu hamaika dinamikaren bitartez. Erandioko kaleetan laranja kolorea hedatuz, gaztetxe baten beharra zegoela ozen oihukatu dugu.
Gaur arte, gure proiektua mugatuta egon da, gune propiorik ez baitugu izan. Udalak ez dio gure beharrei erantzunik eman eta horren aurrean Erandioko gazteriak bere bidea aukeratu du, okupazioa! Hauxe izan da gure hautua eta hemen gaude! Guztion artean eraiki eta gazteok gestionatuko dugu gaztetxea! Hau da gure gaztetxea! Hau da gure oraina eta etorkizuna! Hau da herriko gazteon momentua!
Berpiztu genituen herriaren ametsak egi bihurtzeko unea heldu da, ilusioz beteta gaude! Goazen bada kale gris honetako txoko guztiak mila kolorez bustitzera!
Gora Erandioko gazteria! Gora Erandioko gaztetxea!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario