miércoles, 19 de octubre de 2011
TXORIMALO GAZTETXEA
"Gazteon irrintzia, hau da, okupazio eta autogestioaren oihua" herriko txoko ezberdinetara zabaltzeko helburuarekin, ekitaldi andana antolatu du ikasturte berrirako Algortako Gazte Asanbladak (AGA). "Herriaren gosea, herriak asetu!" lelopean, Indabadaren 12. edizioa izango da horietan lehenengoa. Urriaren 29an, larunbata, egingo dute Bihotz Alai plazan. Txartelak 8 eurotan daude salgai Amnistia eta Katilu tabernetan, Eztabaida gunean eta Txorimalo gaztetxean. Ekitaldiekin jarraituz, kontzertua eta bideo emanaldia tarteko, azaroaren 26an, Okupazio Eguna izango da. Algortako okupazio mugimenduaren "ibilbide malkartsua" ezagutzeko, herrian izandako gaztetxeetatik ibilbide gidatua, bazkaria, jolasak eta musika saioak egongo dira aipatu jardunaldian.
Azkenaldi honetan Euskal Herriko gaztetxeen eta, orokorrean, okupazio mugimenduaren aurkako erasoak ere ez dituzte ahaztu nahi izan gaurko agerraldian. Horren adibide bezala jarri dituzte Portugaleteko Koskoenea eta Plentziako Ermitatze gaztetxeen hustuketak zein Gasteizko gaztetxeak "Aresen txakurren bitartez jasandako eraso, bortizkeria eta irainak". Bilbo aldera salto eginez, Kukutza III gaztetxearen desalojo, eraisketa eta horren ostean Errekalde auzoak jasandako "salbuespen egoera" salatu dituzte. Azken horretan Algortako Gazte Asanbladako bi kide identifikatuak izan ziren eta epaituak izango dira datorren hilabetean. Ildo horretan, antolaturiko ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak; batez ere, Indabada eta Okupazio Egunean, epaituak izango diren asanbladako bi kideri babesa emateko.
Algortako gazteon irrintzia: okupazio eta autogestioa"
SARRERA
Algortako Gazte Asanblada herriko gabeziak azalarazi eta beste eredu bat eraikitzeko lanean ibili izan da urtez urte: etxebizitza eskubidearen defentsan, kamera eta kontrol sozialaren kontrako kanpainan, azoka antikontsumistetan, jai herrikoien aldeko borrokan, eta abar luze bat.
AURTENGO ILDOA (BORROKA, KANPAINA)
Aurten ere, indarberriturik eta gogotsu, lanari ekiteko prest gaude. Okupazioa eta autogestioa ardatz harturik, eskaintza kulturala eta formakuntza herriari emanez, Algortako gazteon irrintzia, hau da, okupazio eta autogestioaren oihua herriko txoko ezberdinetan aldarrikatzeko helburuarekin. Gazteak gara, ilusioz eta sormenez beteriko gazteak, eta pasibitatearen aurrean beste eredu mota aktibo eta eraikitzaile baten alde lan egiteko prest gaude gazteak. Horregatik, herriarekin elkarlanean, ondorengo dinamikak egingo ditugu urte honetan zehar; gazteon irrintzia zabaltzeko unea delako, okupazio eta autogestioaren defentsan herria aktibatzeko garaia delako.
PLANGINTZA
URRIAK 29. 12. INDABADA. Herriaren gosea, herriak asetu!
AZAROAK 5. KONTZERTUAK TXORIMALON. Kuenta Atras eta Dementziaren diskoaren aurkezpena. Gazteon Ahotsak deiadarra izan dezala!
AZAROAK 11. OKUPAZIO MUGIMENDUAREN HISTORIA bideo emanaldia, Euskal Jai eta Kukutza III-ko kideen kontakizunaz lagundurik.
AZAROAK 26. OKUPAZIO EGUNA. Algortako okupazio mugimenduaren "ibilbide malkartsua" ezagutzeko, herrian izandako gaztetxeetatik ibilbide gidatua, bazkaria, jolasak eta egunari amaiera emateko kontzertuak.
ABENDUAK 16-17-18. PENTSATU, SORTU ETA TRUKATUZ, AUTOGESTIOA BULTZATU!
- Abenduak 16. PENTSATU. Publizitate sexista salatzeko argazki erakusketa.
- Abenduak 17. SORTU. Autogestioaren bidez, tailer ezberdinen eskaintza.
- Abenduak 18. TRUKATU. Sortutakoa trukatzeko truke azoka.
Honetaz aparte, kalejira aldarrikatzaileak, bizikletadak, monologoak, olerkariak, bertso afariak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, argazki erakusketak... eskainiko dira gaztetxe eta herriko kaleetan.
Aisialdi alternatiboa eta egitarau kultural anitza eskainiz, adreiluz-adreilu herria eraikitzera goazelako, adreilu bakoitza okupazio eta autogestioaren defentsan kokatuz.
Gu gazteri kritiko, sortzaile eta aktiboa gara, sistema ustel honen makinaria barnetik erdoiltzen duen ur tanta berriak bezala, haien atzapar zorrotz eta zikinetatik ihesi doan gazteria, azken finean, haien kontrolpetik at dagoen gazteria. Gure beldur dira, ezabatu nahi gaituzte eta horregatik ugariak izan dira azkenaldi honetan Euskal Herriko gaztetxeen eta, orokorrean, okupazio mugimenduaren aurkako erasoak. Horren adibide argi dira Portugaleteko Koskoenea gaztetxearen desalojoa, Plentziako Ermitatze gaztetxearen desalojoa, Gasteizko gaztetxeak Aresen txakurren bitartez jasandako eraso, bortizkeria eta irainak; eta Kukutza III gaztetxearen desalojo, eraisketa eta honen ostean Errekalde auzoak jasandako salbuespen egoera. Azken honetan Algortako Gazte Asanbladako bi kide identifikatuak izan ziren eta epaituak izango dira datozen egunotan.
Amaitzeko, okupazio eta autogestioa ardatz bezala harturik, herriko gazteria pizteko, Algortako Gazte Asanbladak antolaturiko ekintzetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu; eta batez ere, epaituak izango diren Asanbladako bi kideri babesa emateko, indabadako ekimenetan eta okupazio egunean parte hartzera animatzen zaituztegu.
Okupazioa eta autogestioak oihartzuna izan dezala herriko txoko eta bazter guztietan!
Algortako Gazte Asanblada (AGA)
txorimalogaztetxea.blogspot.com
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario