lunes, 29 de octubre de 2012
Sestaoko Gazte Asanblada desegin dela adierazi dute bertako kide izandakoek
Sestaoko Gazte Asanbladak ez du kolektibo gisa aurrera jarraituko. Hala adierazi dute bertako kideek, egun zabaltzen ari den eskenatoki berriari ezin diolako aurre egin. Halere, orain arte bertan parte hartu duten gazteek bakoitzak egokien deritzon esparruan lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Sestaoko Gazte Asanbladaren oharra:
2009ko maiatzean eman genion hasiera Sestaoko Gazte Asanbladaren ibilbideari. Ia hogeitahamar lagunek parte hartu genuen dozena bat gazte antolatzen zituen asanbladaren aurkezpen honetan. Ilusioa eta grina oso agerikoak ziren, gogo biziz proiektu berri bat hasten genuelako.
Ez da denbora luzea pasa ordutik, baina lanez beteta egon da denbora hau: Borroka sozial ezberdinak, urtez urte gero eta gazte gehiago biltzen dituen gazte eguna, Pikutara gazte konpartsaren indartzea, gazte topaketak, auzoetako jaietan parte-hartzea…
Gure bide motzean eduki ahal izan ditugun akatsen gainetik pozik gaude aurrera atera ditugun ekimen eta dinamika guzti hauekin, bai bakarrik izan denean edo beste elkarteekin elkarlanean, eta are ta pozago gazteen antolakuntza eta gazte kolektiboaren kontzientzia kritikoaren piztean aurrerapauso nabarmenak eman direlako, gazte asanbladaren eta Sestaoko gazte mugimendu bateratuaren lan eta laguntzaz. Lehenengo egunetik argi izan genuen akritikotasunean, kontsumismoan eta statu quoaren onarpenean eroria zen gazteria pizteko mugimendua osatzera bidean, herriko gazteriarekin elkarrekiko ezagupena bultzatu behar genuela, erlazioak eginez eta sarea osatuz, eta hortan ibili gara buru-belarri denbora honetan zehar.
Antolakundeak ez dira izan inoiz gure helburua, ezta hauek mantentze hutsa ere, bidean era aktiboan aurrera egiteko erabili izan ditugun tresnak baizik. Kolektibo bezala Gazte Asanbladak ez du aurrera jarraituko, ezin diolako egun gure herrian zabaltzen ari den eskenatoki berriari indarrez aurre egin; gazte belaunaldi berria, epe motzean gure parametro ideologikoen inguruan eratuko den gazte erakunde berria, zenbait kidek hartutako ardurak… Argitu nahi dugu, hori bai, denbora honetan Sestaoko Gazte Asanbladan parte hartu dugun gazteak ez goazela etxera, bakoitzak egokien deritzon esparruan bestelako Sestao eraikitzen jarraitzeko lanean segituko duela baizik, eta orain arte aurrera eramandako dinamikek izango dutela segida beste eragile edo mugimenduen eskutik.
Beraz, Sestaoko Gazte Asanbladaren siglak etorkizun batean antolakuntzan aurrerako pauso bat emateko apustua egin dezakeen gazteriaren eskura jartzen ditugu. Horrekin batera gonbitea luzatzen diogu Sestaoko gazteriari antolatu eta borrokatzeko, bai martxan den gazte erakunde nazional berria sortzeko Zukgua prozesuan parte hartuz, edo antolaketa era berriak bilatuz.
Azkenik, ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi, Txirbilenea herri kulturgune okupatuaren proiektua aurrera ateratzen ari diren herritar guztiei gure besarkada, bultzada eta animorik beroenak bidaltzeko.
Eskubideak soilik borrokatuz lortzen dira. Ekin antolatzeari!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario