domingo, 16 de mayo de 2010

GETXON ERE JAI HERRIKOIEN ALDE

Getxo udalerriko eragileek zabaldutako idatzia:


Herria pertsonen arteko solasa da, akzioa, joan etorria, talka. Etenik gabeko mugimendua. Herritarrok gure bultzadekin, gure ufadekin, gure hatsarekin, gure pausoekin eraikitzen dugu atergabe. Espazioan eragiteak bihurtzen gaitu herritar. Akziorik ezean, ez da herririk.

Jaiak, herria eraikitzeko eta bizirik mantentzeko beste bide bat dira. Herriko elkarte, kolektibo eta banakoak buru-belarri gabiltza jaien eta herri-kulturaren dinamizazioan. Jai herrikoietan sinesten dugulako parte hartzen dugu sormen prozesu horretan; herriak gozatu eta herriak eraiki ahal dituen jaiak nahi ditugulako.

Tokian tokiko hainbat erakunde publiko eta alderdi politiko, baina, sator-lanetan dabiltza eredua pitzatu nahian, ahuldu guran. Modu askotako erasoak sufritu ditugu azken urteotan.

Euskal Herri mailan gertatutako erasoak izan direnak, Getxon ez dira falta izan: zenbait kolektiboei txosna jartzeko debekua, jaiak antolatzeko oztopoak, diru laguntza eskasak, jai batzordeei eskumenak murriztea etab. Herri-jaien mugimendua osatzen dugun guztiok, ereduaren izatea eta baliotasuna berresteaz bat, haren kontrako erasoak ere salatu nahi ditugu. Ez dugu onartuko inolako erakunderik zapaltzea, ohiturak eta herriaren nahiak urtetan zehar elikatu duen jai eredua.

Guztiok gozatu ahal ditugun jaiak aurrera ateratzeko, guztion indarrak batu behar ditugu. Zu eta zure lagunak behar-beharrezkoak zarete jai herrikoien aldeko olatu erraldoia sortzeko. Adi egon herrian egingo diren ekimenei eta animatu parte hartzera! Guztion artean herriak nahi dituen jaiak lortuko ditugu! Gora Getxoko jai herrikoiak!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Watch live streaming video from apurtuorg at livestream.com